Páginas

viernes, 18 de marzo de 2011

Urkabustaizko Esaera Zaharren III. Txapelketa

Apirilaren 16an Urkabustaizko Esaera Zaharren III. Txapelketa egingo da. Ekitaldia Izarrako frontoian eguerdiko 12:00etan hasiko da. Txapelketa hau jai modura planteatzen dute, euskal kultura era gozagarriz landu daitekeelako.
Txapelketak bi atal dauzka, eta egun osoa irauten du. Hasieran, talde guztiak herriko enparantzan bilduko dira, eta trikitilarien musikaz alaiturik, tabernaz taberna joango dira bertsoak botaz.
Bertso bakoitzak esaera zahar baten aipamena egiten du, eta ondoren, dagokion taldeak aipatua izan den esaera hitzez hitz esan behar du. Ibilbidean esaera gehien asmatzen duten taldeek hurrengo fasera pasatuko dira. Bigarren fase hori bazkaria amaitutakoan frontoian gauzatzen da.
Goizean sailkaturiko taldeek bertsoak entzun eta esaera asmatu behar dute. Bertso kopuru jakin bat bota ostean, puntuaziorik onena dutenak finalera pasatzen dira. Hau lehen aipatutako era berean egiten da.
Bazkaria eta txapelketan parte hartzeko 15 euro ordaindu behar dira, eta izena emateko urkabertsoeskola@gmail.com  helbide elektronikora mezu bat bidali, edo  665700097 telefono zenbakira apirilaren 10a baino lehen deitu.

Arabako Bertsolari Txapelketaren 3. Finalerdia

Igande honetan, martxoaren 20an, Aguraingo Harresi Aretoan Arabako Bertsolari Txapelketaren 3. Finalerdia ospatuko da. Ekitaldia arratsaldeko 17:30ean hasiko da. Sarrerak  Harresian bertan salgai egongo dira.
Bertan parte hartuko duten bertsolariak Ander Solozabal, Zigor Enbeita, Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Unai Mendibil eta Betto Martinez dira. Aurkezlea, ordea, Olatz Bayer izango da.

Korrika mendi martxa

17. Korrika Trebiñun hasiko da, eta herri honetako paisaia ezagutarazteko asmoz mendi martxa bat antolatu da. Martxa martxoaren 19an izango da, eta bi ibilbide izango ditu: luzea, 25 km-takoa (goizeko 8etan hasten dena), eta laburra, hots, umeentzat ere egokia dena, 10 km-takoa (10etan hasten dena).
Ibilbideak Trebiñu eta Añanaren arteko mugatik pasako da, eta Zaldiaran mendiko tontorreraino abiatuko da, San Migel eta Busto gainetatik pasa ondoren. Zaldiarandik Bustora abiatuko gara berriro; bertan hornidura eta kontrol puntua egongo baitira. Handik, Lezana herri zaharretik pasa ondoren, Billa Okara joango da, hortik Argantzunera bueltatzeko. Azkenik, Argantzunen hamaiketakoa egingo da.
Mendi martxa honetan izena emateko http://www.herrikrossa.com/ webgunean apuntatuz gero 8 euro ordaindu behar da. Aldiz, izena egunean bertan ematen baldin bada 10 euro ordaindu behar dira. Umeak, (hots, 12 urte bitartekoak) doan joan daitezke. Gainera, martxalari guztiei kamiseta bat oparituko zaie.

lunes, 14 de marzo de 2011

Euskalaketa Agurainen

Korrika Kulturalak Euskalaketa izeneko lehiaketa antolatu du “euskalakaririk onena” aukeratzeko. Euskalaketa martxoan zehar Euskal Herri osoan zehar jokatuko da, eta final handia Donostian izan aurretik, herrialdeko kanporaketak burutuko dira. Agurainen, martxoaren 27an arratsaldeko 18:30ean Argia tabernan izango da.

viernes, 11 de marzo de 2011

Barrundiako euskal hitzen bilduma

Hemendik gutxira argitaratuko da Barrundiako udalerrian erabiltzen diren euskal hitzen bilduma. Hitz horiekin herritarren artean bildumatxo bat zabalduko dute barrundiarren artean euskal izaera sendotzeko asmoz.

2009ko euskararen astean, Barrundian erabiltzen diren euskal hitzen bilduma egitea erabaki zuten. Etxe guztietara gutun bat bidali zuten
herritarrek erabiltzen dituzten hitzak udaletxera helarazteko animatzen. Eta jendearen erantzuna bikaina izan zen, ehunka hitz jaso baitzituzten.

Pasa den urte osoa jasotako hitzekin lanean ibili ondoren, (hots, esanahiak aztertzen, benetan euskal jatorria dutela ziurtatzen,…) azkenean 20 orrialde baino gehiago dituen liburuxka argitaratuko dute.

Euskalakaririk onena aukeratzeko lehiaketa

Korrika Kulturalak Euskalaketa izeneko egitasmoa antolatu du, euskarazko bakarrizketa lehiaketa, alegia.  Euskalaketa AEK-k eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarlanean sortuko ekintza berritzailea da. Lehiaketa honen funtsa “euskalakaririk onena” aukeratzea izango da.
Euskalaketa martxoan zehar Euskal Herri osoan jokatuko da, eta herrialdekako kanporaketak burutuko dira. Final handia, ordea, bost kanporaketetako txapeldunen artean Korrika amaierako festan izango da, hots, apirilaren 17an Donostian.
Parte-hartze libreko lehiaketa izango da, eta antzezpen formatua ere librea izango da. Kanporaketa bakoitzean, lehiakideek bi lan burutu beharko dituzte: alde batetik, parte-hartzaile bakoitzak, aurretik prestatutako gai libreko bakarrizketa aurkeztuko du (gehienez 8 min). Eta bestalde, guztiek  «euskalakari» hitzari buruz aritu behar dira (gehienez 5 min).
Lehiaketa honen sari nagusia bi pertsonarentzako Kariberako bidaia izango da. Herrialdeetako sariak, berriz, bi pertsonarentzako astebukaerako egonaldiak hainbat landetxetan izango dira.

viernes, 25 de febrero de 2011

Mendi irteera euskaraz

Aguraingo Berbalagunak eta Olbea Euskaldunen Elkarteak Igoingo ur-jauzietara txangoa prestatu dute. Mendi irteera datorren igandean, otsailaren 27an izango da, eta autobusa goizeko 9:00etan Fueros kafetegiaren paretik aterako da. Eta noski, ibilaldia euskaraz izango da.
Ibilbideak zazpi kilometro inguru ditu, eta Erroeta herrian hasi eta bukatuko da. Herritik abiatuz, eta errekak egiten dituen jauziak jarraituz, antzinako errota baten aztarnetaraino iritsiko dira. Gero, aldapatxo bat igo ondoren, Aranbatzeko iturrian eztarria busti eta atseden pixkat hartzeko aukera egongo da. Eta azkenik, martxa berriro Erroetara ailegatuko da. Txango honetara neguko arropa eta oinetako egokiak eraman behar dira. Eta baita hamaiketakoa ere.
Izena emateko hiru aukera desberdin daude: alde batetik, olbea.elkartea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bat bidali daiteke; bestalde, 652 734065 telefonora dei daiteke; eta azkenik, Aguraingo AEK Euskaltegian ere apuntatu daiteke.
Hona hemen ibilbidearen mapa:

lunes, 21 de febrero de 2011

13 herri, 13 txango

Euskararen erabilera bultzatzeko asmoarekin, Barrundiako Mintzalagunak (hots, Satola Elkarteak), udalerriko herriak ezagutzeko txangoak antolatzen ditu. Datorren igandean, hilak 27, Herediatik zehar ibiliko dira.
Ibilaldia goizeko 10:30ean hasiko da Herediako elizaren ataritik, eta handik herriko inguruak ezagutzera abiatuko dira. Mendian zehar ere bueltatxo bat emateko aukera izango dute, hala ere, txangoa haur, gazte eta helduentzat egokia izango da.
Hemendik hara euskaraz mintzatzen ibili ondoren, nahi duenak Larreako Aldaia jatetxean, 20 euroren truke, bazkaltzeko aukera izango du. Horretarako, otsailaren 24a baino lehen, Satolako lagunei hurrengo helbide elektronikora e-posta bat bidaliz apuntatu behar da: barrundian.euskaraz.mintza@gmail.com 

viernes, 18 de febrero de 2011

Sagardotegian euskaraz

Klasetik kanpo ere euskaraz aritzea posiblea delako, Lautadako AEK-k eta Berbalagunak Legorretako sagardotegira txangoa prestatu dute. Irteera martxoaren 11n (ostirala) izango da, eta autobusa Aguraingo autobus geltokitik (hots, Fueros tabernaren paretik) aterako da arratsaldeko 20:15ean. Itzultzeko ordua, ordea, gaueko 24:30ak edo 01:00a aldera izango da. Afariaren prezioa 35 eurokoa da, autobusa barne. Eta txartelak, Aguraingo Euskaltegian otsailaren 28a baino lehen eskatu behar dira.

Arabako Bertsolari Txapelketaren 3. kanporaketa

2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa habian da, eta 3. kanporaketa datorren larunbatean, otsailaren 19an, Ilarduian izango da. Bertso-afaria herriko elkartean arratsaldeko 20:30ean izango da, eta saioa 22:30ean hasiko da.
Lehen bi kanporaketak Laudio eta Oionen izan ondoren, hauek dira Ilarduian arituko diren bertsolariak:  Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Ander Solozabal, Josu Kanpo, Iñaki Tena eta Unai Mendibil. Txapelketaren aurkezlea edo jai-jartzailea Unai Gomez izango da.
15 euroren truke bertsolari horien doinuak entzuteko aukera dago. Hortaz, afarian izena emateko araba.sustapena@bertsozale.com webgunera sartu, edota 675 70 79 71 telefono zenbakira deitu behar da.

Finalaurrekoak Zigoitian, Aramaion eta Agurainen izan ondoren, apirilaren 2an Gasteizko Printzipal Antzokian ospatuko den finalean jakingo dugu nork irabaziko duen aurtengo txapela.

martes, 1 de febrero de 2011

Agate Deunaren bezpera Barrundian

Datorren ostiralean, otsailaren 4an, Agate Deuna bezpera ospatuko da Ozaetan. Kalejira arratsaldeko 18:00ak aldera hasiko da herriko enparantzatik, eta ondoren, afaritxo bat egingo da.
Hotz honekin eztarriak berotzen hasteko, gaur eta datorren ostegunean, arratsaldeko 20:30etan Ozaetako Ekonomatoan entsegu orokorra egingo da.
Aurten ere, ekintza hau Satola elkarteak,  Barrundiako mintzalagunak, antolatzen du. Horregatik, euskaraz hitz egiteko eta abesteko aukera bikaina da. Gainera, ospakizun honetara, betiko moduan, kaxeroz jantzita etortzera animatzen zaituztegu.
Beraz, ostiral honetarako plan hoberik ez baldin baduzue, animatu, makila hartu eta etor zaitezte gurekin kantatzera, edo behintzat, play back-a egitera!

domingo, 23 de enero de 2011

Bideoen presentzia ziberkomunikabideetan

Zibermedio batean ikusgai dauden bideoek hiru funtzio nagusi betetzen dituzte: testuak dioena legitimatzearena, gertaerak testuinguratzearena eta hitzen bidez deskribatzeko zaila den gertaera bat azaltzearena.

Gauzak horrela, azken urte hauetan bideoen presentzia gora egin du estatuko ziberkomunikabideetan. Dena den, portadetara igotzen diren ikus-entzunezkoak ez daude oso ongi eginak. Hau da, oso gutxi dira off-azalpenak, musika, adierazpenak edota errotuluak dituzten bideoak. Izan ere, oso denbora gutxi ematen dute material guztia editatzen. Gainera, bideo gehienak albiste-iturriek egiten dituzte.

Euskarazko komunikabideek dituzten baliabide eskasak kontuan hartuta, bideoak urriagoak dira, eta normalean, testu idatziek eskainitako informazio bera ematen dute. Dena den, euskarazko ikus-entzunezkoen iturriei dagokienez, albiste-agentziek sortutakoak ez dira horren ohikoak izaten. Baina, agian, horren gakoa agentziek euskarazko material gutxi eskaintzean dago.

Beraz, zibermedioek bideoen inguruan egiten dituzten hutsune nagusiak honako hauek dira: alde batetik, bideoak gehienetan testu idatzien mendean egiten dituzte. Bestalde, behar bezalako ikus-entzunezkoak sortzeko baliabide ekonomikorik eta denborarik ez dute. Eta azkenik, oraindik erredakzioetan ez dela ikus-entzunezkoen aldeko jarrera sendoa jaio esan daiteke.

Horregatik guztiagatik, arazo horiei aurre egiteko, kazetari multimedien beharra dute. Hortaz, has daitezela guri lana ematen!

miércoles, 19 de enero de 2011

Sareko erreportajeen baliabide bereizgarrien ustiatze maila

Erreportaje batek sarean dituen bereizgarri nagusienak hipertestualtasuna, multimedialtasuna eta elkarreragina dira. Baina, ikerketek diotenaren arabera, euskaraz diren webguneetan, orokorrean, baliabide horien ustiatze maila baxua da.

Aurreko zereginetan euskarazko eta gaztelaniazko ziberkomunikabideetako erreportajeak aztertu ditugu, eta kasu askotan baliabide bereizgarri horien ustiatzea pobrea bada ere, badira hipertestuen, multimedien eta interaktibitatearen bidez informazioari balio erantsi bat ematen dioten erreportajeak. Besteak beste, Elmundo.es Haitiko lurrikarari buruz egindakoa, edota Argia.com-ek iaz Hegoafrikan izandako Munduko Futbol Txapelketari buruzkoa oso ongi egituratuta daudela uste dut.

Beraz, sarean berrikuntzak eta aurrerapenak etengabe ematen direla kontuan hartuta, ziur nago, aurrerantzean, zibermedioek (baita euskarazkoak ere), poliki-poliki, baliabide horiek guztiak modu egokian ustiatuko dituztela.

lunes, 17 de enero de 2011

Txindurri Irratiak irratigintzan sakontzeko aukera eskaintzen du

Entzuten ez bazaie ere, inurriak ez dira inoiz geldirik egoten. Lan eta lan dihardute beti. Txindurri Irratiko kideek ere antzera ibili dira azken aste hauetan martxa onean euren txindurritegia eraikitzen. Horregatik, obra guztia amaitzerakoan prest egongo dira mundura  bere seinalea emititzeko.

Hori dela eta, Txindurri Irratian modu batean edo bestean parte hartzeko prest dauden guztiei irratigintzan sakontzeko aukera eskaini nahi diete. Horren harira, pasa den astean Audacity programari buruzko ikastaroa eskaini zuten Agurainen, Lautadako Bertso Eskolaren egoitzan. Abisatuz gero, oraindik ikastaro horretan edota datozen asteetan prestatuko dituztenetan musutruk  parte hartzeko aukera dago.

Aurreko sarrera batean azaldu nuen moduan, Txindurri irratia Lautadatik eta Lautadarentzat jaiotzear den hedabide berria da. Hasiera batean komunikabide hau arabarrei zuzentzen dela dirudien arren, euskarazko irrati libre baten jaiotzak euskaldun guztiontzat mesede egingo digu. Horregatik, denon parte hartzea ezinbestekoa da, izan ere, pausoz pauso Lautadako ahotsa entzun dadin lortuko dugu!

domingo, 16 de enero de 2011

Ahozko zibertestu baten sorreran eman beharreko urratsak

Nire aburuz, ahozko zibertestu baten sorreran honako hauek dira urrats eta erabakirik garrantzitsuenak:
Lehenik eta behin, testuaren gaia, helburua eta emango diogun ikuspuntua aukeratu behar ditugu, eta horren arabera zein hizkera mota (hots, deskriptiboa, objektiboa, pertsuasiboa, lagunartekoa edo serioagoa …) erabiliko dugun hautatuko dugu.
Zibertestua den neurrian, erantsiko dizkiogun baliabide multimediak (hala nola, argazkiak, bideoak edota infografiak) zein izango diren ere erabaki behar dugu. Eta noski, baliabide horietako bat kenduta testua ongi ulertzen den edo ez ere kontuan izan behar dugu.
Gure testuari balio erantsi bat emateko hipertestuak erabiliko ditugu. Horrela, beste informazio batzuen bidez gure testua osatuagoa egongo da.
Bestalde, gure hartzaile potentzialen adina, gune geografikoa, maila sozio-ekonomikoa edota profil sozio-kulturala zein den ere jakin behar dugu, beraiengana hobeto hurbiltzeko, eta igorle eta hartzaileen arteko elkarreragina hobea izateko.
Ondoren, gure lanaren gidoia egin beharko genuke, eta pieza bakoitzaren hurrenkera eta luzera zein izango den argi dugunean edizio lanekin has gintezke.
Eta azkenik, lanari amaiera borobila emateko, eraginkortasuna neurtzeko testa egin beharko genuke, testua benetan ulergarria den edota hasierako helburuak ongi beti diren jakiteko.

viernes, 7 de enero de 2011

Etorkin adingabeak euskararen unibertsoan sartu behar dira

Bere jaioterria utzi eta herrialde berri batera bizitzera doan pertsona batentzat, bizilagun berrien artean ongi integratua egotea oso garrantzitsua da. Horregatik, harrera-gizartearen hizkuntza ofizialak ezagutzeak garrantzi sozial eta kultural handia du, integrazio lan hori asko errazten baitu.

Euskal Herrira datozen etorkinen artean euskara ikasteari ekiten dioten kopurua gero eta handiagoa da. Hala eta guztiz ere, etorkinek gaztelaniari lehentasuna ematen jarraitzen diote, batez ere,  Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen ikaskuntza behar bezala sustatzen ez delako. Euskararen erabilera soziala antzematen ez denez, hasiera batean beraiek  ez dakite zein den hizkuntza horrekiko izan behar duten jarrera.

Horregatik, kasu askotan, etorkin helduek gaztetxoengan uzten dute euskara ikastearen lan mardul hori, eta ikastetxeetan D ereduan matrikulatzen dituzte. Normalean, lehenengo urteetan, adingabeek laguntza-eskolak behar izaten dituzte euskara ongi ikasteko. Baina batzuetan, irakasleek emandako laguntza hori ez da nahikoa izaten, eta etorkina euskararen aurrean deseroso sentitzen baldin bada, litekeena da azkenean A eredura pasatzea. Modu horretan, gure hizkuntzak hiztun bat galduko du.  

Beraz, Euskal Herrian gero eta etorkin gehiago baldin badago, eta hizkuntza baten etorkizuna hiztun berriak baldin badira, bi ezaugarri hauek bateratzeko lan egin behar dela iruditzen zait. Agian, etorkin gaztetxoentzat euskara modu errazean ikasten laguntzeko hedabide berri bat sortzea ideia ona izan daiteke.
Niri burura etortzen zaidan lehen ideia Kerman mintzalagun bila programaren antzeko bat sortzea izan daiteke, baina publiko gaztetxoari zuzenduta. Saio honen protagonista nagusia kanpotik etorritako neskato edo mutil bat izan daiteke. Beraz, berak euskara ikasten duen bitartean, hartzaileari ere erakutsi diezaioke. Programa arratsaldero telebistan ikusgai egon daiteke, hala ere, Interneten ere bere webgunea izango du. Gainera, web orrialdean baliabide gehiago eskainiko dira, hala nola, jokoak, irakurgaiak eta beste herrialdeei buruzko informazioa.
Etorkinak jatorri, kultura eta hizkuntza desberdinak dituztela kontuan hartuta, hedabide berria publiko orotara modu errazean iristeko biderik hoberena eskolan honi buruzko informazioa ematea litzateke. Era horretan, programa hau gehien bat etorkin gaztetxoei zuzenduta badago ere, hemengoek ere eskura izango dute.

Gauzak horrela, neska-mutilek euren ikaskuntza indartzeko bitarteko audiobisualak edota digitalak erabiltzen badituzte, eta metodo dibertigarrien bidez ikasten baldin badute, euskararen unibertsoan murgiltzea ez dute betebehartzat joko. Hortaz, kanpotik etorritako gaztetxoek euskara ikasteko duten interesa piztea lortzen baldin badugu, euskaldunon hizkuntzara eta euskal kulturara hurbiltzea erdietsiko dugu. Era horretan, hizkuntza bat ez desagertzeko eta bizirauteko behar dituen hiztunak gure artean izango ditugu.