Páginas

viernes, 29 de octubre de 2010

Aguraingo Eskualdeko I. Narrazio Lehiaketa

Pasa den igandean, hots, urriaren 24an, Liburutegien Eguna ospatu zen. Aguraingo Eskualdeko udalerrietan dauden liburutegi gehienak nahiko txikiak izan arren, bizirik daudela jakitera eman nahi dute. Horretarako, Literatur zaletasuna euskaraz bultzatzeko izeneko kanpainaren barruan, hainbat jarduera antolatu dituzte euskal literatura herritarrengana hurbiltzeko asmoz. Ekintza horien artean, besteak beste, ipuin kontalariak, euskal idazleen hitzaldiak eta monologoak egongo dira. Baina, kanpaina honen ardatza Aguraingo Eskualdeko I. Narrazio Lehiaketa izango da.
Narrazio lehiaketa honetan 16 urte gorako edozein lagun parte har dezake. Lanak euskaraz idatziak izan behar dira, eta gaia librea izango da. Obrak Aguraingo Eskualdeko bulegoetan zein udalerriko Udaletxeetan (hots, Asparrenan, Agurainen, Barrundian, Burgerlun, Donemiliagan, Dulantzin, Iruraiz-Gaunan eta Zalduondon)  azaroaren 26a baino lehen aurkeztu behar dira.
Hemendik ekimen honetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu, irabazleak 300 euroko saria jasoko baitu!

Euskara plazara dantzara

Askotan entzun dugun moduan, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Barrundiako aldean ez dute hori gertatzea nahi, eta horregatik, aurten ere Euskararen Eguna martxan jarri dute.
Ekitaldia berotzen hasteko, azaroaren 5ean, arratsaldeko 20:00etan Barrundiako Udalean (Ozaetan), Jon Arretxek bidaiei inguruko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du.  Mundua zazpi koloretan izeneko ikuskizunak Arretxeren bidaietako argazkirik onenak, Cristina Fernandez marrazkilariaren irudiak, musika eta Zazpi Kolore liburuko pasarteen zuzeneko irakurketak konbinatzen ditu.  
Hala eta guztiz ere, benetako festa hurrengo egunean, hots, azaroaren 6an Marietako kiroldegian izango da. Egun guztian zehar gaztelu puzgarriak izango dira bertan, eta 12:00etan umeen pilota partidak hasiko dira. Eguerdiko 15:00etan herri bazkaria izango da, eta ondoren, arratsaldeko 16:30ak aldera, bertsolariak egongo dira. Azkenik, Barrundiako Euskararen Egunari amaiera dantzatzen emango diogu,  Jotafa taldearen eskutik dantza-plaza izango baita.

sábado, 23 de octubre de 2010

Blogen analisia

Internetekin batera komunikatzeko era berria jaio da. Modu horretan,  ziberkazetaritzak sarearen beste aldean dagoen irakurlea aktiboa bilakatzeko duen erremintarik garrantzitsuenetariko bat blogak dira.

Blogen analisia egiteko, ondorengo bitakora hauek aztertu ditut: lehena, Joseba Martín kazetariarena izan da. Bertan, zinemari buruz aritzen da, eta blogaren izena Culocortos da (http://blogs.elcorreo.com/culocortos/posts) . Bigarrenak, De sentido común izena du, (http://blogs.elcorreo.com/sentido-comun/posts) eta Jon Martínez Elizari buruz mintzatzen da. Kulturari buruzko bloga Divergencias deitzen da, (http://blogs.elcorreo.com/divergencias/posts)  eta bere egilea César Coca da. Juanan Bilbaok El amigo de Moe izeneko blogan (http://blogs.elcorreo.com/el-amigo-de-moe/posts) batez ere ardoaren gaia jorratzen du. Eta azkenik, Edurne Pasabanen bitakora ere ikertu dut (http://blogs.diariovasco.com/pasaban). Izenburua Desde la cima da, eta bertan, Pasabanek bere espedizioak kontatzen ditu.


Arestian aipatutako lehen lau blogak Elcorreo.com-ekoak dira, hortaz, guztien parametroak antzekoak dira: ez dute publizitaterik, argazkiak eta bideoak dituzte (kanpokoak, gehienak Youtubetik ateratakoak), artxiboa dute, bertara harpidetu daiteke, harremanetan jartzeko formularioa bete behar da,  eta normalean, ez dute audiorik erabiltzen. Edurne Pasabanen bitakora, aldiz, Diariovasco.com-etik aterata da, eta Pasaban alpinista famatua denez, bere bloga gainontzekoetatik aldentzen den bakarra izan da.
Esaterako, trackbacka du, baina ez du artxiborik.

Bideoekin gertatzen zen moduan, normalean, blogariek argazkiak kanpotik ateratzen dituzte, hots, ez dira beraienak. Edurne Pasabanen bitakoran, ordea, bera eta bere taldekideak agertzen dira. Horrek, testua eta argazkiaren arteko lotura estutzen duela iruditzen zait, eta gainera, argazkiak testuari sinesgarritasun gehiago ematen diola pentsatzen dut.  

Orokorrean blogariei buruzko informazio gutxi ematen da. Hau da, post guztietan egileak sinatzen duen arren, irakurleak ez daki igorlea profesionala (kazetaria) den edo ez. Edurne Pasaban-en kasuan ere, gauza bera gertatzen da. Nahiz eta pertsonaia ezaguna izan, bertan ez da bere lorpenei buruzko daturik ematen. Hortaz, hartzaileak informazio horren bila blogetik kanpo jo behar du. Nire ustez, datu batzuk jarri beharko ziren, igorle eta hartzailearen artean harreman zuzenagoa sortzeko.

Bestalde, aztertu ditudan blog guztietan ez da zenbat jende sartzen den zenbatzen, eta nire aburuz, datu hori bitakora bat arrakastatsua den edo ez jakiteko baliagarria izan daiteke.

Azkenik, ikertu ditudanen artean, iruzkin gehien dituzten blogak Edurne Pasaban eta Jon Martínez-renak dira. Pasabanen kasua, normala iruditzen zait, izan ere, lorpen handiak lortu dituen alpinista bat da. Jon Martínez, aldiz, ez da egunero albistegietan ateratzen den pertsona. Are gutxiago, berari buruzko informazioa topatzea ez hain erraza. Baina, oihartzuna eta polemikoak diren gaiak jorratzen ditu, eta horrek, bere aldeko eta kontrako komentario asko jasotzea eragiten du. Beraz, blog bat arrakastatsua izatea nahi baldin badugu, eta era berean, gure helburua irakurlea pasibo izatetik aktibo izatera pasatzea baldin bada, hobe dugu polemikoak diren, edota gainerako blogariek idazten ez dituzten gaiak lantzea.

viernes, 22 de octubre de 2010

Gari eta Xabier de Felipe musikarien doinuak entzungai izango dira Araian

Hilabete gutxi falta dira urtea bukatzeko, eta hori Araiako herrian antzeman daiteke. Izan ere, urriaren 23tik hasita, abenduaren 19ra arte, herriko Andra Mari Aretoa musikaz beteko da XVIII. Urte-Bukaera Musikala ospatzeko. Bertan, arratsaldeko 20:15etatik aurrera, mota desberdinetako erritmoak entzun ahal izango dira; besteak beste, perkusioa, jazza, melodia klasikoak edota Erdi Aroko musika.
German Maria Landazabal Musika Elkarteak ez die ekitaldi honen jarraitzaile sutsuei hutsik egin nahi, eta horregatik, aurten ere programa borobil bat antolatu du. The Percu´s Band perkursio taldeak jaialdiari hasiera emango dio euren danborren hotsekin.  Zazpi egun geroago, hots, urriaren 30ean, Adela Martín eta Anna Przylecka euren piano eta biolinaren bidez publikoa erlaxatzen ahaleginduko dira.
Datorren hilabetean jaialdi honek bi euskal musikari nabarmenen bisita izango du. Alde batetik, azaroaren 6an, Garik, Hertzainak taldeko kide ohiak, bere azken laneko abestiak kantatuko ditu Araiara hurbiltzen diren jarraitzaileen aurrean. Eta beste alde batetik, Xabier de Felipe, Nacho de Feliperen semea, hilaren 13an gerturatuko da Andra Mari Aretora. Baina, biolinista gazte honek ez da bakarrik etorriko, eskenatokian Arkaitz Mendoza piano-jolearen laguntza izango baitu.  Azaroren 20an, The Jazz Corner taldeak pianoa, bateria, kontrabaxua eta saxofoiaren doinuak nahastuko ditu. Eta hileko azken igandean, ohiko moduan, Araiako Musika Bandak Santa Cecilia eguna ospatuko du.
Abenduaren 11n, aldiz, Erdi Aroko musika jotzen duen talde nafarra Trovadores y Troveros proiektua aurkeztuko du arratsaldeko 20:15ean. Entzunaldi honen azkenaurreko emanaldia abenduaren 18an izango da, herriko bandak Gabonetako Kontzertua eskaintzen duenean. Eta azkenik, abenduaren 19an, Araiako Abesbatzak herriko elizan amaiera emango dio XVIII. Urte-Bukaera Musikalari.

sábado, 16 de octubre de 2010

Interaktibitatea zibermedioetan

Gero eta gehiago dira zientzia eta teknologia arloan izandako aurrerapenak, eta hedabideak ez dira atzean geratu nahi. Hortaz, egunkari garrantzitsu gehienak paper hutsa izatetik, irakurlearen interaktibitatea bilatzen duten zibermedio bat izatera pasa dira. Hori dela eta, irakurle horren papera ere dexente aldatu dela esan daiteke, horiek hartzaile pasibo bat izatetik igorle aktibo bat izatera pasa baitira.
Hortaz, zibermedioen interektatibitatea aztertzeko Diario de Noticias de Álava, El País eta nazioarteko The Guardian kazeten edizio digitalak ikertu ditut, eta hauek izan dira atera ditudan ondorio nagusiak:
Lehenik eta behin, egunkari lokalarekin hasiko naiz. Noticiasdealava.com-ek albiste guztiak komentatzeko aukera dauka, horregatik, alde horretan behintzat, irakurlearen parte hartzea bultzatzen duela ematen du. Baina, bestalde, ez du bideoak edota argazkiak igotzeko aukerarik ematen. Hori dela eta, nire ustez, alor horretan hutsune bat du, hedabide lokal bat izanik lan gehiago egin beharko lukeelako.
Zibermedio nazionalarekin jarraituz, Elpais.com-eko taldeak Eskup.com izeneko “hedabide bizia eta irekia” sortu du, interaktibitatea uztartzeko. Eskup.com-aren bidez, irakurleek adituei galdetu edota erantzun diezakete, eta informatzeko edota informatuta egoteko ere erabil daiteke. Bestalde, blogei garrantzia handia ematen die. Gainera, Prisa taldeko beste hedabideetan sortutako blogak eskaintzeaz gain, irakurleari bere bitakora egiteko aukera ematen dio. Eta azkenik,Talentos izeneko atalean, argazkilaritzan, marrazketan, bideogintzan, musikan edota idazten trebeak diren pertsonei beren lanak igotzeko aukera ematen die. Beraz, aukera hauek guztiak eskainita, Elpais.com-ek sarearen beste aldean dagoenaren parte hartzea gogor bultzatzen duela esan daiteke.
Eta ikerketa honekin amaitzeko, aztertu ditudan zibermedio guztien artean, nire aburuz, The Guardian da interaktibitateari garrantzia gutxiena ematen diona. Izan ere, ez du inkestarik, lehiaketarik edota fororik eskaintzen.  

 Ziberkazeta hauek guztiak sare sozialetan, (hala nola, Twitter, Facebook…) topatu daitezke, eta albisteak gorde edota elkartrukatzeko aukera eskaintzen dute. Dena dela, orokorrean, interaktibitatearen arloan, Elpais.com lan handiagoa egiten duena dela ondorioztatu daiteke.

viernes, 15 de octubre de 2010

Jirabiraka

Jira eta bira. Horrela dabil Lurrak goizetik gauera, eta gauetik goizera. Jira eta bira. Hori da blog honen izenburua, eta baita nire bizitzak betidanik jarraitu duen norabidea ere. Hortaz, beti zeharo galduta ibili naizela ondorioztatu daiteke.
Egun batean, goizean goiz altxatu, eta gaur ere zerua gris xamar dagoela ikusten duzu. Baina, bat-batean,  espero ez duzun zerbait gertatzen da, eta… kontxo! Orain eguzkia atera dela dirudi, eta izpi horiek zure bizitzan jarraitu beharreko bidea argitzen dute.
Horrela iritsi naiz ni hona. Modu metaforiko batean azalduta, noski! Urte bat lanean eman ondoren, zerbait ikasten jarraitu nahi nuela konturatu nintzen, eta nire buruan hamaika ideia jira eta bira ibili ondoren, azkenean Multimedia Komunikazioa Masterra egitea erabaki nuen.
Modu horretan, berriro ere, ni baino askoz ere eraldatuagoa dagoen unibertsitatera iritsi nintzen. Bai, onartu beharra daukat klaseko lehen egunean handik ihes egitea pentsatu nuela. Baina eraikin berriko mapa esku artean izan barik klasetik korrika ateratzeko gai izango ez nintzela jakinda, ordenagailu aurrean eserita jarraitu nuen. Orduan, masterraren asunto hau patxadaz hartu behar nuela konturatu  nintzen.  
Beraz, bitakora honen jaiotzaren arrazoia master honekin zerikusia du, eta litekeena da bere heriotza ere ikastaro honen amaierarekin lotura izatea. Baina tira, orain ez dugu bukaeran pentsatuko, hau guztia hasi besterik ez da egin eta!