Hilabete gutxi falta dira urtea bukatzeko, eta hori Araiako herrian antzeman daiteke. Izan ere, urriaren 23tik hasita, abenduaren 19ra arte, herriko Andra Mari Aretoa musikaz beteko da XVIII. Urte-Bukaera Musikala ospatzeko. Bertan, arratsaldeko 20:15etatik aurrera, mota desberdinetako erritmoak entzun ahal izango dira; besteak beste, perkusioa, jazza, melodia klasikoak edota Erdi Aroko musika.

Datorren hilabetean jaialdi honek bi euskal musikari nabarmenen bisita izango du. Alde batetik, azaroaren 6an, Garik, Hertzainak taldeko kide ohiak, bere azken laneko abestiak kantatuko ditu Araiara hurbiltzen diren jarraitzaileen aurrean. Eta beste alde batetik, Xabier de Felipe, Nacho de Feliperen semea, hilaren 13an gerturatuko da Andra Mari Aretora. Baina, biolinista gazte honek ez da bakarrik etorriko, eskenatokian Arkaitz Mendoza piano-jolearen laguntza izango baitu. Azaroren 20an, The Jazz Corner taldeak pianoa, bateria, kontrabaxua eta saxofoiaren doinuak nahastuko ditu. Eta hileko azken igandean, ohiko moduan, Araiako Musika Bandak Santa Cecilia eguna ospatuko du.
Abenduaren 11n, aldiz, Erdi Aroko musika jotzen duen talde nafarra Trovadores y Troveros proiektua aurkeztuko du arratsaldeko 20:15ean. Entzunaldi honen azkenaurreko emanaldia abenduaren 18an izango da, herriko bandak Gabonetako Kontzertua eskaintzen duenean. Eta azkenik, abenduaren 19an, Araiako Abesbatzak herriko elizan amaiera emango dio XVIII. Urte-Bukaera Musikalari.
No hay comentarios:
Publicar un comentario