Páginas

viernes, 19 de noviembre de 2010

Txindurritegia eraikitzen

Betidanik inurriak intsekturik langileenak direla entzun dugu. Beren tamaina dela eta, gainerako animalia batek ia nekatu barik egin dezakeen lana, hauei bikoitza kostatzen zaie. Baina inurriek badakite taldean, hots, guztiak batera, lan egitea zein garrantzitsua den, eta poliki-poliki haien helburua betetzea lortzen dute.
Antzeko zerbait gertatzen zaie Txindurri irratiko kideei. Txindurri irratia Lautadatik eta Lautadarentzat jaiotzear den hedabide berria da. Pausoz pauso, proiektu honetan parte hartzen duten inurrien nahiak betetzen ari dira, baina, hala eta guztiz ere, oraindik eginbeharreko bidea oso luzea da. Horregatik, Arabako Lautadako herritarren laguntza ezinbestekoa da.
Duela hilabete gutxi, komunikabidearen egoitzaren giltzak lortu zituzten,  eta bertan hautsa kentzeko premia zuten altzari asko topatu zuten. Hori dela medio, haien bizileku berria txukuntzen laguntzeko eskaera luzatu dute, modu horretan txindurritegia eraikitzen hasteko. Beraz, badakizue, bihar, azaroaren 20an goizeko 11:30etan Aguraingo Santa Maria plazan hitzordua duzue, guztion artean Lautadako ahotsa entzun dadin lortuko baitugu!

domingo, 14 de noviembre de 2010

Urdinetik arrosara

Bidaia erotiko bat egitera goaz, baina zer sartu behar da maletan? Edonor arnasarik gabe uzteko ahalmena duten kulero edota galtzontzilo gorriak? Ala kaxoi barnean ahaztuta dugun lehoinabar tanga hori?  Edo, zuzenean barneko arroparik gabe joango gara? Hau buruhauste hau! Argi dagoen gauza bakarra mota honetako bidaiak egiteko lotsak, ikarak eta beldur eszenikoak maletatik kanpo geratu behar direla da.
Urdinetik arrosara izeneko bidaia erotikoak aukera paregabea eskaintzen du sexuazio prozesua (hots, gizon ala emakume nola egiten garen), gizartean dagoen sexu eta amodio ereduak, edota fantasiak bezalako gaiak jorratu eta haien inguruan hausnarketa egiteko. Gainera, bidaiari bakoitzak nahi duen heinean sartuko da dinamiketan. Horregatik,  nahi dituen pentsamendu, sentsazio eta sentimenduak gainontzekoekin partekatu dezake, baina baita barnean gorde ere.  


Tailerra Agurainen atzo goizean hasi bazen ere, azaroaren 20 eta 27an, goizeko 9:30etatik eguerdiko 14:30ak arte, jarraituko du.
Beraz… bidaia ona eduki!

sábado, 13 de noviembre de 2010

Mundua 7 koloretan

Telebistarako bertsioa:




Interneterako bertsioa:

Zazpi. Horiek dira mundu honek dituen kolore kopurua. Jon Arretxe, behintzat, modu horretan sailkatu ditu bere bidaietan bizi izandako istorioak. 50 minutuetan Barrundiako udaletxeko liburutegian (Ozaetan) ikuskizun konbinatu bat aurkeztu zuen atzo, Euskaren Egunerako antolatutako programaren barnean.
Beltza. Horixe da ikuskizunaren lehen kolorea, beltzak Mendebaldeko heriotza etsigarria islatzen baitu. Ondoren, ikus-entzunezkoa gris bihurtzen da, narratzaileak Indiako emakume triste baten istorioa kontatzen duen bitartean. Arretxek beti bakarrik joan da leku guztietara, bidaia lagunik gabe gauzak intentsiboago bizi direlako. Horregatik,  zenbaitetan gorriak ikusi ditu, eta istorio horiek guztiak arriskua, beldurra edota odolaren kolorean, gorrian alegia, sartu ditu. Atzo, esaterako, Amazonaseko oihanean bakar-bakarrik zegoela ia-ia jaguarrek jan zuteneko pasartea irakurri zuen.
Horrela, poliki-poliki, ikuskizuna argitzen doa, horia eguzkiaren kolorea baita. Baina baita zoroena ere, eta hurrengo pasartea Saharako basamortuko oasi batean topatu zuen gizon batean oinarritzen da. Baina ez pentsa mundu honetan dena iluna denik, itxaropenerako lekua ere baitago. Hortaz, berdea den atalean, Saharan izandako beste bizipen bat irakurri zuen. Eta esperantzaren koloretik, bakearen kolorera pasatuko gara,   Amazoniaren erdian harmonia osoan bizi den jendearen istorioa urdinez margotu baitzuen.
Ikus-entzunezko hau hasi den moduan bukatzen dela esan daiteke, azken kolorea zuria baita, hots, Ekialdeko heriotza itxaropentsuaren kolorea. Hala eta guztiz ere, Arretxeren bidaietako argazkirik onenekin batera Cristina Fernandez marrazkilariaren irudiak ikusita, eta musika egokia eta Zazpi kolore liburuko pasarteen zuzeneko irakurketak entzun ondoren, desberdintasunak desberdintasun, han eta hemen antzeko arazoak, desirak eta sentimenduak daudela antzeman daiteke. Agian, hortxe bertan dago bizitzaren xarma.


Irratirako bertsioa:


Oharra: barkatu eragozpenak, baina arazo teknikoak direla eta Jon Arretxeren hitzak gaizki entzuten dira.

viernes, 12 de noviembre de 2010

Berezko izaerarekin

Galeper entsalada eskabetxean, onddo-krepak, pagausoa ehiza-saltsan, Idiazabal gazta, intxaurrak eta etxeko irasagarra. Gaurtik hasita,  eta hurrengo bi asteburuetan zehar, hots azaroaren 28a arte, hori da Lautadako I. Jardunaldi Gastronomikoetan dastatu daitekeen menuetako bat.
Lautada pasabide eta elkargune garrantzitsua izanik, kultur-ondare handiko lurraldea da, gastronomia barne. Bertako sukaldaritzak, batez ere,  lurretik ateratako elikagaiak izaten du ardatz, eta sasoian sasoiko produktuetan du oinarria. I Jardunaldi gastronomiko hauetan onddoak, perretxikoak, ehiza eta gazta aurkeztuko dira. Hauek dira ekitaldi honetan parte hartzen duten jatetxeak: Agurainen Zerua eta Jose Mari jatetxeak, Araian sagardotegia eta Zubigain, Argomanizen Paradorea eta Dulantzin Meson Erausquyn jatetxea.
Eta Lautadako zaporeaz gozatzen jarraitzeko  jardunaldi hauetan beste ekintza batzuk antolatu dituzte: azaroaren 13an, esaterako, Lautadako-produktuen azoka egongo da Donemiliagako kiroldegian (Erdoñanan); azaroaren 16an, Aguraingo Zabalarte Etxean gazta dastatzea izango da; azaroaren 23an, ordea, Fernando Gonzalez de Heredia gastronomoak “Lautada, berezko izaera duen gastronomia” izeneko hitzaldia emango du Araian; eta azkenik, azaroaren 30ean Argomanizeko Paradorean gazta, ehiza, perretxiko eta onddo dastatzea egongo da.

miércoles, 10 de noviembre de 2010

Zine foruma Ozaetan

Meteorologoek dioten moduan, badirudi biharko Euskal Herrira bisitan etorri den denboralea poliki-poliki alde egingo duela. Eta bazen garaia, lauzpabost egun daramatzagulako euri zaparrada eta haize bolada bortitzen artean.
Beraz, zer egin eguraldi kaskar honi aurre egiteko? Ba, egia esan, hoberena etxean gelditzea litzateke. Baina, GaraiON NaturArtekoek plan ederra proposatzen digute udazkeneko asteazken arratsaldeak primeran pasatzeko: zine foruma.
Hortaz, badakizue, gaur bertan, arratsaldeko 18:30etan Ozaetan, Barrundiako udaletxearen ondoan Kutxidazu bidea Ixabel filma lagunartean ikusteko hitzordua duzue.

domingo, 7 de noviembre de 2010

Gariren 16 loreak

Ezustean. Horrela geratu ziren Hertzainak taldeko abeslari ohia entzutera Araiaraino abiatu zirenak, eskenatoki gainean guztiz eraberritu den kantaria topatu baitzuten. Izan ere, Gariren azken lanean, bere abesti batek dioen moduan, “ezer ez da berdin”.

Araiako Urte Bukaera Musikalaren XVIII. edizioaren barruan, Garik 16 lore izeneko bilduma aurkeztu zuen atzo arratsaldean Andra Mari Aretoa bete zuten jarraitzaileen aurrean. Artista honen azken lanak balio sinboliko pertsonal handia duten hamasei abesti jasotzen ditu. Baina bertan, abeslari legazpiarraren garapen artistikoaren urrats berria antzeman dezakegu, kantek, hainbat moldaketa jaso ondoren, berriak direla baitirudite. Aitormena, esate baterako, aldaketa sakona jasan duen abestietako bat da.

Eta artista honek bere ibilbide luzean zehar landatutako loreak aurkeztera joan zenez, hona hemen Amapola izeneko abestiaren bideoa.



Atzo Garik bere izpiritu berria plazaratzeko, taula gainean Miguel Moyano gitarra-jolearen laguntza izan zuen. Gainera, bi artista hauen atzean musikarekin bat zetozen irudiek publikoa amets egitera gonbidatzen zuten. Gauzak horrela,  ordu eta erdiko kontzertuaren ondoren, eta Araiako German Maria Landazabal Musika Elkarteak emandako oparia esku artean zuelarik,  behin eta berriz “txintxo ibili” errepikatuz, Gari eskenatokiaren atzeko aldean ezkutatu zen.

jueves, 4 de noviembre de 2010