Ezustean. Horrela geratu ziren Hertzainak taldeko abeslari ohia entzutera Araiaraino abiatu zirenak, eskenatoki gainean guztiz eraberritu den kantaria topatu baitzuten. Izan ere, Gariren azken lanean, bere abesti batek dioen moduan, “ezer ez da berdin”.
Araiako Urte Bukaera Musikalaren XVIII. edizioaren barruan, Garik 16 lore izeneko bilduma aurkeztu zuen atzo arratsaldean Andra Mari Aretoa bete zuten jarraitzaileen aurrean. Artista honen azken lanak balio sinboliko pertsonal handia duten hamasei abesti jasotzen ditu. Baina bertan, abeslari legazpiarraren garapen artistikoaren urrats berria antzeman dezakegu, kantek, hainbat moldaketa jaso ondoren, berriak direla baitirudite. Aitormena, esate baterako, aldaketa sakona jasan duen abestietako bat da.
Eta artista honek bere ibilbide luzean zehar landatutako loreak aurkeztera joan zenez, hona hemen Amapola izeneko abestiaren bideoa.
Atzo Garik bere izpiritu berria plazaratzeko, taula gainean Miguel Moyano gitarra-jolearen laguntza izan zuen. Gainera, bi artista hauen atzean musikarekin bat zetozen irudiek publikoa amets egitera gonbidatzen zuten. Gauzak horrela, ordu eta erdiko kontzertuaren ondoren, eta Araiako German Maria Landazabal Musika Elkarteak emandako oparia esku artean zuelarik, behin eta berriz “txintxo ibili” errepikatuz, Gari eskenatokiaren atzeko aldean ezkutatu zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario