Páginas

viernes, 18 de marzo de 2011

Urkabustaizko Esaera Zaharren III. Txapelketa

Apirilaren 16an Urkabustaizko Esaera Zaharren III. Txapelketa egingo da. Ekitaldia Izarrako frontoian eguerdiko 12:00etan hasiko da. Txapelketa hau jai modura planteatzen dute, euskal kultura era gozagarriz landu daitekeelako.
Txapelketak bi atal dauzka, eta egun osoa irauten du. Hasieran, talde guztiak herriko enparantzan bilduko dira, eta trikitilarien musikaz alaiturik, tabernaz taberna joango dira bertsoak botaz.
Bertso bakoitzak esaera zahar baten aipamena egiten du, eta ondoren, dagokion taldeak aipatua izan den esaera hitzez hitz esan behar du. Ibilbidean esaera gehien asmatzen duten taldeek hurrengo fasera pasatuko dira. Bigarren fase hori bazkaria amaitutakoan frontoian gauzatzen da.
Goizean sailkaturiko taldeek bertsoak entzun eta esaera asmatu behar dute. Bertso kopuru jakin bat bota ostean, puntuaziorik onena dutenak finalera pasatzen dira. Hau lehen aipatutako era berean egiten da.
Bazkaria eta txapelketan parte hartzeko 15 euro ordaindu behar dira, eta izena emateko urkabertsoeskola@gmail.com  helbide elektronikora mezu bat bidali, edo  665700097 telefono zenbakira apirilaren 10a baino lehen deitu.

Arabako Bertsolari Txapelketaren 3. Finalerdia

Igande honetan, martxoaren 20an, Aguraingo Harresi Aretoan Arabako Bertsolari Txapelketaren 3. Finalerdia ospatuko da. Ekitaldia arratsaldeko 17:30ean hasiko da. Sarrerak  Harresian bertan salgai egongo dira.
Bertan parte hartuko duten bertsolariak Ander Solozabal, Zigor Enbeita, Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Unai Mendibil eta Betto Martinez dira. Aurkezlea, ordea, Olatz Bayer izango da.

Korrika mendi martxa

17. Korrika Trebiñun hasiko da, eta herri honetako paisaia ezagutarazteko asmoz mendi martxa bat antolatu da. Martxa martxoaren 19an izango da, eta bi ibilbide izango ditu: luzea, 25 km-takoa (goizeko 8etan hasten dena), eta laburra, hots, umeentzat ere egokia dena, 10 km-takoa (10etan hasten dena).
Ibilbideak Trebiñu eta Añanaren arteko mugatik pasako da, eta Zaldiaran mendiko tontorreraino abiatuko da, San Migel eta Busto gainetatik pasa ondoren. Zaldiarandik Bustora abiatuko gara berriro; bertan hornidura eta kontrol puntua egongo baitira. Handik, Lezana herri zaharretik pasa ondoren, Billa Okara joango da, hortik Argantzunera bueltatzeko. Azkenik, Argantzunen hamaiketakoa egingo da.
Mendi martxa honetan izena emateko http://www.herrikrossa.com/ webgunean apuntatuz gero 8 euro ordaindu behar da. Aldiz, izena egunean bertan ematen baldin bada 10 euro ordaindu behar dira. Umeak, (hots, 12 urte bitartekoak) doan joan daitezke. Gainera, martxalari guztiei kamiseta bat oparituko zaie.

lunes, 14 de marzo de 2011

Euskalaketa Agurainen

Korrika Kulturalak Euskalaketa izeneko lehiaketa antolatu du “euskalakaririk onena” aukeratzeko. Euskalaketa martxoan zehar Euskal Herri osoan zehar jokatuko da, eta final handia Donostian izan aurretik, herrialdeko kanporaketak burutuko dira. Agurainen, martxoaren 27an arratsaldeko 18:30ean Argia tabernan izango da.

viernes, 11 de marzo de 2011

Barrundiako euskal hitzen bilduma

Hemendik gutxira argitaratuko da Barrundiako udalerrian erabiltzen diren euskal hitzen bilduma. Hitz horiekin herritarren artean bildumatxo bat zabalduko dute barrundiarren artean euskal izaera sendotzeko asmoz.

2009ko euskararen astean, Barrundian erabiltzen diren euskal hitzen bilduma egitea erabaki zuten. Etxe guztietara gutun bat bidali zuten
herritarrek erabiltzen dituzten hitzak udaletxera helarazteko animatzen. Eta jendearen erantzuna bikaina izan zen, ehunka hitz jaso baitzituzten.

Pasa den urte osoa jasotako hitzekin lanean ibili ondoren, (hots, esanahiak aztertzen, benetan euskal jatorria dutela ziurtatzen,…) azkenean 20 orrialde baino gehiago dituen liburuxka argitaratuko dute.

Euskalakaririk onena aukeratzeko lehiaketa

Korrika Kulturalak Euskalaketa izeneko egitasmoa antolatu du, euskarazko bakarrizketa lehiaketa, alegia.  Euskalaketa AEK-k eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarlanean sortuko ekintza berritzailea da. Lehiaketa honen funtsa “euskalakaririk onena” aukeratzea izango da.
Euskalaketa martxoan zehar Euskal Herri osoan jokatuko da, eta herrialdekako kanporaketak burutuko dira. Final handia, ordea, bost kanporaketetako txapeldunen artean Korrika amaierako festan izango da, hots, apirilaren 17an Donostian.
Parte-hartze libreko lehiaketa izango da, eta antzezpen formatua ere librea izango da. Kanporaketa bakoitzean, lehiakideek bi lan burutu beharko dituzte: alde batetik, parte-hartzaile bakoitzak, aurretik prestatutako gai libreko bakarrizketa aurkeztuko du (gehienez 8 min). Eta bestalde, guztiek  «euskalakari» hitzari buruz aritu behar dira (gehienez 5 min).
Lehiaketa honen sari nagusia bi pertsonarentzako Kariberako bidaia izango da. Herrialdeetako sariak, berriz, bi pertsonarentzako astebukaerako egonaldiak hainbat landetxetan izango dira.

viernes, 25 de febrero de 2011

Mendi irteera euskaraz

Aguraingo Berbalagunak eta Olbea Euskaldunen Elkarteak Igoingo ur-jauzietara txangoa prestatu dute. Mendi irteera datorren igandean, otsailaren 27an izango da, eta autobusa goizeko 9:00etan Fueros kafetegiaren paretik aterako da. Eta noski, ibilaldia euskaraz izango da.
Ibilbideak zazpi kilometro inguru ditu, eta Erroeta herrian hasi eta bukatuko da. Herritik abiatuz, eta errekak egiten dituen jauziak jarraituz, antzinako errota baten aztarnetaraino iritsiko dira. Gero, aldapatxo bat igo ondoren, Aranbatzeko iturrian eztarria busti eta atseden pixkat hartzeko aukera egongo da. Eta azkenik, martxa berriro Erroetara ailegatuko da. Txango honetara neguko arropa eta oinetako egokiak eraman behar dira. Eta baita hamaiketakoa ere.
Izena emateko hiru aukera desberdin daude: alde batetik, olbea.elkartea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bat bidali daiteke; bestalde, 652 734065 telefonora dei daiteke; eta azkenik, Aguraingo AEK Euskaltegian ere apuntatu daiteke.
Hona hemen ibilbidearen mapa: