Páginas

viernes, 31 de diciembre de 2010

Erre ipurdi erre!



Urte berria ongi hasteko, urte zaharreko kontu txarrak sutan erre behar dira. Edo, behintzat, hori da Agurainen egiten dutena, antzinako usadioa berreskuratuz. Izan ere, gaur arratsaldeko 19:00ak aldera, Urtezaharra ospatzeko Errepuierre izeneko festa egingo dute, Madura auzoan.  
Errepuierre hitzak euskaratik dator, eta erre ipurdi erre esan nahi du. Behiala, etxean zeuden traste zahar guztiak bildu egiten zituzten, eta  gero sua pizten zuten. Bien bitartean,  gazteak herritik zehar ibiltzen ziren, Galerre izeneko panpina besoetan hartuta zutela, honako hau abestuz:
¡Errepuierre,
quémale el culo a Galerre,
Errepuierrón,
quémale el culo a don Simón!   

Ondoren, Galerre  traste zahar horiekin egindako mendiko tontorrean kokatzen zuten. Baina, urteko uzta txarra izan bazen, panpina buruz behera jartzen zuten. Aldiz, urtean zehar bildutako uztak onak izan baziren, Galerre buruz gora ipintzen zuten.
Arabako herri askotan dagoeneko ohitura hau galdu den arren, Agurainen gero eta gehiago dira suaren sugarrak ikustera bertaratzen direnak.  

martes, 28 de diciembre de 2010

Barrundiako larunbateko aisialdi programa

Datorren urtean Barrundiako gaztetxoek ez dute aspertzeko astirik izango. Izan ere, hamaika ekintza prestatu dituzte 9 eta 15 urte bitarteko umeentzat. Hauek izango dira, besteak beste, Barrundiako kiroldegian (Ozaetan) burutuko diren jarduerak: kirol anitzak, zientzia tailerrak, magia trukuak, zirkoa, puzzleak, musika tailerrak, gaztelu puzgarriak eta pertsona elbarrituek bere bizitza nola igarotzen duten ere ikasiko da.
Ekintza guztiak euskaraz izango dira, eta hilean bitan gauzatuko dira. Ordutegia oraindik ez dago guztiz finkatuta, eta horregatik bi aukera ematen dira: alde batetik, ekintzak ostiraletan arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak arte izango litzateke, edo bestela larunbatetan goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00a arte. Beraz, azkenean jende gehiago izena ematen duen ordutegia burutuko da.

lunes, 27 de diciembre de 2010

Bertso abentura Ozaetan

Asparrengo gaztetxoen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin, bertso barnetegi bat antolatu da, 8-12 urte bitarteko umeentzat. Egonaldia Barriako aterpetxean izango da,  2011ko urtarrilaren 3, 4 eta 5ean.
Ekintza hau Arabako Bertsozale Elkarteak, Asparrengo udalak eta Lautadako Bertso Eskolak antolatu dute, eta bere xede nagusia euskararen erregistrorik ludikoena garatzea eta ondare kulturala sakonago ezagutzea da.
Abentura hau urtarrilaren 3an Ozaetako elizaren aurrean eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta bi egun geroago, hots, urtarrilaren 5ean toki eta ordu berean bukatuko da.

martes, 21 de diciembre de 2010

Denboraleak Europako aireportuak eten ditu




Bruselako aireportua asteazkenera arte itxiko dute, izotzaren aurkako likidorik gabe geratuko direla aurreikusi baitute. Dena den, badirudi Europa astintzen duen denboralea poliki-poliki baretzen ari dela. Gaur egoera hobera joan da, eta Londreseko Heathroweko aireportutik ehun hegaldi inguru aireratzea lortuko dute. Hala eta guztiz ere, oraindik atzerapenak nagusi izango dira, asteburu osoan zehar bertan behera geratu ziren hegaldi guztiengatik.

Europako denboralearen ondorioak Estatura iritsi dira

Asteburu honetan zehar, hotza eta elurraren eraginez Loiuko aireportuan hamar hegaldi bertan behera gelditu dira, eta Estatuko gainerakoetan ehun baino gehiago izan dira.

Espainiako aireportuetan Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batuarekin dauden loturak dira arazo gehien eman dituztenak. Izan ere, Frantziarekin 55 hegaldi bertan behera utzi dituzte, Alemaniarekin 24, Italiarekin 4 eta Erresuma Batuarekin 85.

sábado, 18 de diciembre de 2010

Handik hona



Jende askok edozein oporraldi Euskal Herrian zehar dauden txoko miresgarriak bisitatzeko aprobetxatzen du. Baina, beste batzuek, tamalez, ezin dute nahi beste bidaiatu. Horregatik, Multimedia Komunikazioa Masterreko ikasleok gure inguruan dauden toki ikusgarri horiek bisitatzeko aukera eskaini nahi dizuegu, Handik hona izeneko podcastaren bidez.


Oraindik bidaia guztiak prestatzen gabiltza, baina laster gure hitzen eta zuen irudimenari esker Euskal Herrian zehar handik hona ibiliko gara.

Laster arte!



miércoles, 15 de diciembre de 2010

Barrundiako Gabeonetako egitarauaren izarra Olentzero da

Eguberriak iristear dira, eta urtero moduan Barrundiako udalak Gabonetako egitaraua prest du. Dena den, ekintza guztietatik garrantzitsuena Olentzeroren jaia izango da.

Martxa hartzeko, ostiral honetan bertan (abenduaren 17an) “Antzokiko Istorioak” izeneko ipuin kontaketak egon dira, arratsaldeko 18:00etan Barrundiako liburutegian, Ozaetan.

Hala eta guztiz ere, ezin dugu ahaztu etxeko txikientzat Eguberrietako hitzordurik inportanteena Olentzerorekin dutena dela. Betiko moduan, abenduaren 24an goizeko 10:30etatik hasita, ikazkina Barrundiako herri guztietatik pasatuko da umeekin hitz egitera eta haien gutunak jasotzera.

Ondoren, arratsaldeko 18:00etan, Olentzeroren jaia ospatuko da Hermuan. Bertan, Olentzerori ongietorria emango zaio txalaparta joz eta aurreskua dantzatuz. Gainera, gaztaina erreak, txokolatea, txistorra eta ardo beroa ere egongo dira. Aurreko urteetan bezala, aurten ere neska-mutilak baserritarrez jantzita etor daitezke festara.