Páginas

lunes, 21 de febrero de 2011

13 herri, 13 txango

Euskararen erabilera bultzatzeko asmoarekin, Barrundiako Mintzalagunak (hots, Satola Elkarteak), udalerriko herriak ezagutzeko txangoak antolatzen ditu. Datorren igandean, hilak 27, Herediatik zehar ibiliko dira.
Ibilaldia goizeko 10:30ean hasiko da Herediako elizaren ataritik, eta handik herriko inguruak ezagutzera abiatuko dira. Mendian zehar ere bueltatxo bat emateko aukera izango dute, hala ere, txangoa haur, gazte eta helduentzat egokia izango da.
Hemendik hara euskaraz mintzatzen ibili ondoren, nahi duenak Larreako Aldaia jatetxean, 20 euroren truke, bazkaltzeko aukera izango du. Horretarako, otsailaren 24a baino lehen, Satolako lagunei hurrengo helbide elektronikora e-posta bat bidaliz apuntatu behar da: barrundian.euskaraz.mintza@gmail.com 

viernes, 18 de febrero de 2011

Sagardotegian euskaraz

Klasetik kanpo ere euskaraz aritzea posiblea delako, Lautadako AEK-k eta Berbalagunak Legorretako sagardotegira txangoa prestatu dute. Irteera martxoaren 11n (ostirala) izango da, eta autobusa Aguraingo autobus geltokitik (hots, Fueros tabernaren paretik) aterako da arratsaldeko 20:15ean. Itzultzeko ordua, ordea, gaueko 24:30ak edo 01:00a aldera izango da. Afariaren prezioa 35 eurokoa da, autobusa barne. Eta txartelak, Aguraingo Euskaltegian otsailaren 28a baino lehen eskatu behar dira.

Arabako Bertsolari Txapelketaren 3. kanporaketa

2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa habian da, eta 3. kanporaketa datorren larunbatean, otsailaren 19an, Ilarduian izango da. Bertso-afaria herriko elkartean arratsaldeko 20:30ean izango da, eta saioa 22:30ean hasiko da.
Lehen bi kanporaketak Laudio eta Oionen izan ondoren, hauek dira Ilarduian arituko diren bertsolariak:  Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Ander Solozabal, Josu Kanpo, Iñaki Tena eta Unai Mendibil. Txapelketaren aurkezlea edo jai-jartzailea Unai Gomez izango da.
15 euroren truke bertsolari horien doinuak entzuteko aukera dago. Hortaz, afarian izena emateko araba.sustapena@bertsozale.com webgunera sartu, edota 675 70 79 71 telefono zenbakira deitu behar da.

Finalaurrekoak Zigoitian, Aramaion eta Agurainen izan ondoren, apirilaren 2an Gasteizko Printzipal Antzokian ospatuko den finalean jakingo dugu nork irabaziko duen aurtengo txapela.

martes, 1 de febrero de 2011

Agate Deunaren bezpera Barrundian

Datorren ostiralean, otsailaren 4an, Agate Deuna bezpera ospatuko da Ozaetan. Kalejira arratsaldeko 18:00ak aldera hasiko da herriko enparantzatik, eta ondoren, afaritxo bat egingo da.
Hotz honekin eztarriak berotzen hasteko, gaur eta datorren ostegunean, arratsaldeko 20:30etan Ozaetako Ekonomatoan entsegu orokorra egingo da.
Aurten ere, ekintza hau Satola elkarteak,  Barrundiako mintzalagunak, antolatzen du. Horregatik, euskaraz hitz egiteko eta abesteko aukera bikaina da. Gainera, ospakizun honetara, betiko moduan, kaxeroz jantzita etortzera animatzen zaituztegu.
Beraz, ostiral honetarako plan hoberik ez baldin baduzue, animatu, makila hartu eta etor zaitezte gurekin kantatzera, edo behintzat, play back-a egitera!

domingo, 23 de enero de 2011

Bideoen presentzia ziberkomunikabideetan

Zibermedio batean ikusgai dauden bideoek hiru funtzio nagusi betetzen dituzte: testuak dioena legitimatzearena, gertaerak testuinguratzearena eta hitzen bidez deskribatzeko zaila den gertaera bat azaltzearena.

Gauzak horrela, azken urte hauetan bideoen presentzia gora egin du estatuko ziberkomunikabideetan. Dena den, portadetara igotzen diren ikus-entzunezkoak ez daude oso ongi eginak. Hau da, oso gutxi dira off-azalpenak, musika, adierazpenak edota errotuluak dituzten bideoak. Izan ere, oso denbora gutxi ematen dute material guztia editatzen. Gainera, bideo gehienak albiste-iturriek egiten dituzte.

Euskarazko komunikabideek dituzten baliabide eskasak kontuan hartuta, bideoak urriagoak dira, eta normalean, testu idatziek eskainitako informazio bera ematen dute. Dena den, euskarazko ikus-entzunezkoen iturriei dagokienez, albiste-agentziek sortutakoak ez dira horren ohikoak izaten. Baina, agian, horren gakoa agentziek euskarazko material gutxi eskaintzean dago.

Beraz, zibermedioek bideoen inguruan egiten dituzten hutsune nagusiak honako hauek dira: alde batetik, bideoak gehienetan testu idatzien mendean egiten dituzte. Bestalde, behar bezalako ikus-entzunezkoak sortzeko baliabide ekonomikorik eta denborarik ez dute. Eta azkenik, oraindik erredakzioetan ez dela ikus-entzunezkoen aldeko jarrera sendoa jaio esan daiteke.

Horregatik guztiagatik, arazo horiei aurre egiteko, kazetari multimedien beharra dute. Hortaz, has daitezela guri lana ematen!

miércoles, 19 de enero de 2011

Sareko erreportajeen baliabide bereizgarrien ustiatze maila

Erreportaje batek sarean dituen bereizgarri nagusienak hipertestualtasuna, multimedialtasuna eta elkarreragina dira. Baina, ikerketek diotenaren arabera, euskaraz diren webguneetan, orokorrean, baliabide horien ustiatze maila baxua da.

Aurreko zereginetan euskarazko eta gaztelaniazko ziberkomunikabideetako erreportajeak aztertu ditugu, eta kasu askotan baliabide bereizgarri horien ustiatzea pobrea bada ere, badira hipertestuen, multimedien eta interaktibitatearen bidez informazioari balio erantsi bat ematen dioten erreportajeak. Besteak beste, Elmundo.es Haitiko lurrikarari buruz egindakoa, edota Argia.com-ek iaz Hegoafrikan izandako Munduko Futbol Txapelketari buruzkoa oso ongi egituratuta daudela uste dut.

Beraz, sarean berrikuntzak eta aurrerapenak etengabe ematen direla kontuan hartuta, ziur nago, aurrerantzean, zibermedioek (baita euskarazkoak ere), poliki-poliki, baliabide horiek guztiak modu egokian ustiatuko dituztela.

lunes, 17 de enero de 2011

Txindurri Irratiak irratigintzan sakontzeko aukera eskaintzen du

Entzuten ez bazaie ere, inurriak ez dira inoiz geldirik egoten. Lan eta lan dihardute beti. Txindurri Irratiko kideek ere antzera ibili dira azken aste hauetan martxa onean euren txindurritegia eraikitzen. Horregatik, obra guztia amaitzerakoan prest egongo dira mundura  bere seinalea emititzeko.

Hori dela eta, Txindurri Irratian modu batean edo bestean parte hartzeko prest dauden guztiei irratigintzan sakontzeko aukera eskaini nahi diete. Horren harira, pasa den astean Audacity programari buruzko ikastaroa eskaini zuten Agurainen, Lautadako Bertso Eskolaren egoitzan. Abisatuz gero, oraindik ikastaro horretan edota datozen asteetan prestatuko dituztenetan musutruk  parte hartzeko aukera dago.

Aurreko sarrera batean azaldu nuen moduan, Txindurri irratia Lautadatik eta Lautadarentzat jaiotzear den hedabide berria da. Hasiera batean komunikabide hau arabarrei zuzentzen dela dirudien arren, euskarazko irrati libre baten jaiotzak euskaldun guztiontzat mesede egingo digu. Horregatik, denon parte hartzea ezinbestekoa da, izan ere, pausoz pauso Lautadako ahotsa entzun dadin lortuko dugu!