Páginas

Mostrando entradas con la etiqueta Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa. Mostrar todas las entradas

domingo, 23 de enero de 2011

Bideoen presentzia ziberkomunikabideetan

Zibermedio batean ikusgai dauden bideoek hiru funtzio nagusi betetzen dituzte: testuak dioena legitimatzearena, gertaerak testuinguratzearena eta hitzen bidez deskribatzeko zaila den gertaera bat azaltzearena.

Gauzak horrela, azken urte hauetan bideoen presentzia gora egin du estatuko ziberkomunikabideetan. Dena den, portadetara igotzen diren ikus-entzunezkoak ez daude oso ongi eginak. Hau da, oso gutxi dira off-azalpenak, musika, adierazpenak edota errotuluak dituzten bideoak. Izan ere, oso denbora gutxi ematen dute material guztia editatzen. Gainera, bideo gehienak albiste-iturriek egiten dituzte.

Euskarazko komunikabideek dituzten baliabide eskasak kontuan hartuta, bideoak urriagoak dira, eta normalean, testu idatziek eskainitako informazio bera ematen dute. Dena den, euskarazko ikus-entzunezkoen iturriei dagokienez, albiste-agentziek sortutakoak ez dira horren ohikoak izaten. Baina, agian, horren gakoa agentziek euskarazko material gutxi eskaintzean dago.

Beraz, zibermedioek bideoen inguruan egiten dituzten hutsune nagusiak honako hauek dira: alde batetik, bideoak gehienetan testu idatzien mendean egiten dituzte. Bestalde, behar bezalako ikus-entzunezkoak sortzeko baliabide ekonomikorik eta denborarik ez dute. Eta azkenik, oraindik erredakzioetan ez dela ikus-entzunezkoen aldeko jarrera sendoa jaio esan daiteke.

Horregatik guztiagatik, arazo horiei aurre egiteko, kazetari multimedien beharra dute. Hortaz, has daitezela guri lana ematen!

miércoles, 19 de enero de 2011

Sareko erreportajeen baliabide bereizgarrien ustiatze maila

Erreportaje batek sarean dituen bereizgarri nagusienak hipertestualtasuna, multimedialtasuna eta elkarreragina dira. Baina, ikerketek diotenaren arabera, euskaraz diren webguneetan, orokorrean, baliabide horien ustiatze maila baxua da.

Aurreko zereginetan euskarazko eta gaztelaniazko ziberkomunikabideetako erreportajeak aztertu ditugu, eta kasu askotan baliabide bereizgarri horien ustiatzea pobrea bada ere, badira hipertestuen, multimedien eta interaktibitatearen bidez informazioari balio erantsi bat ematen dioten erreportajeak. Besteak beste, Elmundo.es Haitiko lurrikarari buruz egindakoa, edota Argia.com-ek iaz Hegoafrikan izandako Munduko Futbol Txapelketari buruzkoa oso ongi egituratuta daudela uste dut.

Beraz, sarean berrikuntzak eta aurrerapenak etengabe ematen direla kontuan hartuta, ziur nago, aurrerantzean, zibermedioek (baita euskarazkoak ere), poliki-poliki, baliabide horiek guztiak modu egokian ustiatuko dituztela.

domingo, 16 de enero de 2011

Ahozko zibertestu baten sorreran eman beharreko urratsak

Nire aburuz, ahozko zibertestu baten sorreran honako hauek dira urrats eta erabakirik garrantzitsuenak:
Lehenik eta behin, testuaren gaia, helburua eta emango diogun ikuspuntua aukeratu behar ditugu, eta horren arabera zein hizkera mota (hots, deskriptiboa, objektiboa, pertsuasiboa, lagunartekoa edo serioagoa …) erabiliko dugun hautatuko dugu.
Zibertestua den neurrian, erantsiko dizkiogun baliabide multimediak (hala nola, argazkiak, bideoak edota infografiak) zein izango diren ere erabaki behar dugu. Eta noski, baliabide horietako bat kenduta testua ongi ulertzen den edo ez ere kontuan izan behar dugu.
Gure testuari balio erantsi bat emateko hipertestuak erabiliko ditugu. Horrela, beste informazio batzuen bidez gure testua osatuagoa egongo da.
Bestalde, gure hartzaile potentzialen adina, gune geografikoa, maila sozio-ekonomikoa edota profil sozio-kulturala zein den ere jakin behar dugu, beraiengana hobeto hurbiltzeko, eta igorle eta hartzaileen arteko elkarreragina hobea izateko.
Ondoren, gure lanaren gidoia egin beharko genuke, eta pieza bakoitzaren hurrenkera eta luzera zein izango den argi dugunean edizio lanekin has gintezke.
Eta azkenik, lanari amaiera borobila emateko, eraginkortasuna neurtzeko testa egin beharko genuke, testua benetan ulergarria den edota hasierako helburuak ongi beti diren jakiteko.