Páginas

Mostrando entradas con la etiqueta Ziberkazetaritza-ereduak eta Genero berriak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Ziberkazetaritza-ereduak eta Genero berriak. Mostrar todas las entradas

sábado, 13 de noviembre de 2010

Mundua 7 koloretan

Telebistarako bertsioa:




Interneterako bertsioa:

Zazpi. Horiek dira mundu honek dituen kolore kopurua. Jon Arretxe, behintzat, modu horretan sailkatu ditu bere bidaietan bizi izandako istorioak. 50 minutuetan Barrundiako udaletxeko liburutegian (Ozaetan) ikuskizun konbinatu bat aurkeztu zuen atzo, Euskaren Egunerako antolatutako programaren barnean.
Beltza. Horixe da ikuskizunaren lehen kolorea, beltzak Mendebaldeko heriotza etsigarria islatzen baitu. Ondoren, ikus-entzunezkoa gris bihurtzen da, narratzaileak Indiako emakume triste baten istorioa kontatzen duen bitartean. Arretxek beti bakarrik joan da leku guztietara, bidaia lagunik gabe gauzak intentsiboago bizi direlako. Horregatik,  zenbaitetan gorriak ikusi ditu, eta istorio horiek guztiak arriskua, beldurra edota odolaren kolorean, gorrian alegia, sartu ditu. Atzo, esaterako, Amazonaseko oihanean bakar-bakarrik zegoela ia-ia jaguarrek jan zuteneko pasartea irakurri zuen.
Horrela, poliki-poliki, ikuskizuna argitzen doa, horia eguzkiaren kolorea baita. Baina baita zoroena ere, eta hurrengo pasartea Saharako basamortuko oasi batean topatu zuen gizon batean oinarritzen da. Baina ez pentsa mundu honetan dena iluna denik, itxaropenerako lekua ere baitago. Hortaz, berdea den atalean, Saharan izandako beste bizipen bat irakurri zuen. Eta esperantzaren koloretik, bakearen kolorera pasatuko gara,   Amazoniaren erdian harmonia osoan bizi den jendearen istorioa urdinez margotu baitzuen.
Ikus-entzunezko hau hasi den moduan bukatzen dela esan daiteke, azken kolorea zuria baita, hots, Ekialdeko heriotza itxaropentsuaren kolorea. Hala eta guztiz ere, Arretxeren bidaietako argazkirik onenekin batera Cristina Fernandez marrazkilariaren irudiak ikusita, eta musika egokia eta Zazpi kolore liburuko pasarteen zuzeneko irakurketak entzun ondoren, desberdintasunak desberdintasun, han eta hemen antzeko arazoak, desirak eta sentimenduak daudela antzeman daiteke. Agian, hortxe bertan dago bizitzaren xarma.


Irratirako bertsioa:


Oharra: barkatu eragozpenak, baina arazo teknikoak direla eta Jon Arretxeren hitzak gaizki entzuten dira.

sábado, 23 de octubre de 2010

Blogen analisia

Internetekin batera komunikatzeko era berria jaio da. Modu horretan,  ziberkazetaritzak sarearen beste aldean dagoen irakurlea aktiboa bilakatzeko duen erremintarik garrantzitsuenetariko bat blogak dira.

Blogen analisia egiteko, ondorengo bitakora hauek aztertu ditut: lehena, Joseba Martín kazetariarena izan da. Bertan, zinemari buruz aritzen da, eta blogaren izena Culocortos da (http://blogs.elcorreo.com/culocortos/posts) . Bigarrenak, De sentido común izena du, (http://blogs.elcorreo.com/sentido-comun/posts) eta Jon Martínez Elizari buruz mintzatzen da. Kulturari buruzko bloga Divergencias deitzen da, (http://blogs.elcorreo.com/divergencias/posts)  eta bere egilea César Coca da. Juanan Bilbaok El amigo de Moe izeneko blogan (http://blogs.elcorreo.com/el-amigo-de-moe/posts) batez ere ardoaren gaia jorratzen du. Eta azkenik, Edurne Pasabanen bitakora ere ikertu dut (http://blogs.diariovasco.com/pasaban). Izenburua Desde la cima da, eta bertan, Pasabanek bere espedizioak kontatzen ditu.


Arestian aipatutako lehen lau blogak Elcorreo.com-ekoak dira, hortaz, guztien parametroak antzekoak dira: ez dute publizitaterik, argazkiak eta bideoak dituzte (kanpokoak, gehienak Youtubetik ateratakoak), artxiboa dute, bertara harpidetu daiteke, harremanetan jartzeko formularioa bete behar da,  eta normalean, ez dute audiorik erabiltzen. Edurne Pasabanen bitakora, aldiz, Diariovasco.com-etik aterata da, eta Pasaban alpinista famatua denez, bere bloga gainontzekoetatik aldentzen den bakarra izan da.
Esaterako, trackbacka du, baina ez du artxiborik.

Bideoekin gertatzen zen moduan, normalean, blogariek argazkiak kanpotik ateratzen dituzte, hots, ez dira beraienak. Edurne Pasabanen bitakoran, ordea, bera eta bere taldekideak agertzen dira. Horrek, testua eta argazkiaren arteko lotura estutzen duela iruditzen zait, eta gainera, argazkiak testuari sinesgarritasun gehiago ematen diola pentsatzen dut.  

Orokorrean blogariei buruzko informazio gutxi ematen da. Hau da, post guztietan egileak sinatzen duen arren, irakurleak ez daki igorlea profesionala (kazetaria) den edo ez. Edurne Pasaban-en kasuan ere, gauza bera gertatzen da. Nahiz eta pertsonaia ezaguna izan, bertan ez da bere lorpenei buruzko daturik ematen. Hortaz, hartzaileak informazio horren bila blogetik kanpo jo behar du. Nire ustez, datu batzuk jarri beharko ziren, igorle eta hartzailearen artean harreman zuzenagoa sortzeko.

Bestalde, aztertu ditudan blog guztietan ez da zenbat jende sartzen den zenbatzen, eta nire aburuz, datu hori bitakora bat arrakastatsua den edo ez jakiteko baliagarria izan daiteke.

Azkenik, ikertu ditudanen artean, iruzkin gehien dituzten blogak Edurne Pasaban eta Jon Martínez-renak dira. Pasabanen kasua, normala iruditzen zait, izan ere, lorpen handiak lortu dituen alpinista bat da. Jon Martínez, aldiz, ez da egunero albistegietan ateratzen den pertsona. Are gutxiago, berari buruzko informazioa topatzea ez hain erraza. Baina, oihartzuna eta polemikoak diren gaiak jorratzen ditu, eta horrek, bere aldeko eta kontrako komentario asko jasotzea eragiten du. Beraz, blog bat arrakastatsua izatea nahi baldin badugu, eta era berean, gure helburua irakurlea pasibo izatetik aktibo izatera pasatzea baldin bada, hobe dugu polemikoak diren, edota gainerako blogariek idazten ez dituzten gaiak lantzea.

sábado, 16 de octubre de 2010

Interaktibitatea zibermedioetan

Gero eta gehiago dira zientzia eta teknologia arloan izandako aurrerapenak, eta hedabideak ez dira atzean geratu nahi. Hortaz, egunkari garrantzitsu gehienak paper hutsa izatetik, irakurlearen interaktibitatea bilatzen duten zibermedio bat izatera pasa dira. Hori dela eta, irakurle horren papera ere dexente aldatu dela esan daiteke, horiek hartzaile pasibo bat izatetik igorle aktibo bat izatera pasa baitira.
Hortaz, zibermedioen interektatibitatea aztertzeko Diario de Noticias de Álava, El País eta nazioarteko The Guardian kazeten edizio digitalak ikertu ditut, eta hauek izan dira atera ditudan ondorio nagusiak:
Lehenik eta behin, egunkari lokalarekin hasiko naiz. Noticiasdealava.com-ek albiste guztiak komentatzeko aukera dauka, horregatik, alde horretan behintzat, irakurlearen parte hartzea bultzatzen duela ematen du. Baina, bestalde, ez du bideoak edota argazkiak igotzeko aukerarik ematen. Hori dela eta, nire ustez, alor horretan hutsune bat du, hedabide lokal bat izanik lan gehiago egin beharko lukeelako.
Zibermedio nazionalarekin jarraituz, Elpais.com-eko taldeak Eskup.com izeneko “hedabide bizia eta irekia” sortu du, interaktibitatea uztartzeko. Eskup.com-aren bidez, irakurleek adituei galdetu edota erantzun diezakete, eta informatzeko edota informatuta egoteko ere erabil daiteke. Bestalde, blogei garrantzia handia ematen die. Gainera, Prisa taldeko beste hedabideetan sortutako blogak eskaintzeaz gain, irakurleari bere bitakora egiteko aukera ematen dio. Eta azkenik,Talentos izeneko atalean, argazkilaritzan, marrazketan, bideogintzan, musikan edota idazten trebeak diren pertsonei beren lanak igotzeko aukera ematen die. Beraz, aukera hauek guztiak eskainita, Elpais.com-ek sarearen beste aldean dagoenaren parte hartzea gogor bultzatzen duela esan daiteke.
Eta ikerketa honekin amaitzeko, aztertu ditudan zibermedio guztien artean, nire aburuz, The Guardian da interaktibitateari garrantzia gutxiena ematen diona. Izan ere, ez du inkestarik, lehiaketarik edota fororik eskaintzen.  

 Ziberkazeta hauek guztiak sare sozialetan, (hala nola, Twitter, Facebook…) topatu daitezke, eta albisteak gorde edota elkartrukatzeko aukera eskaintzen dute. Dena dela, orokorrean, interaktibitatearen arloan, Elpais.com lan handiagoa egiten duena dela ondorioztatu daiteke.